XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Egia, bai, aspalditxoan buruhaustea frango eman digun Idazketa-Hiztegia argitaratu dela.

Beharrik, esan genezake, textu-liburugintzarako badugula jadanik aski egokia den hiztegi bat.

Ez da gutti.

Halaz guztiz, egin dena, bere guttian ere, lan baliosa dela uste dugu.

Geroak esango du hobekien.

Fitxak, aski soilak dira fitxak, bat-banaka ikus dezakezunez.

Soilak baina ahalik zehazkien emanak ere.

Nolanahi delarik, sarrera ttiki bat darama bakoitzak, oraingoz kontsulta libururik argitara ez dugunez, zer-nolabait husgune hori betetzeko, haurra girotu eta gaia lantzen hasterako zenbait gauzaz ohar dadin.

Gero, ez dugu gaiak agortzeko eta sakonki bezain hedatuki emateko pentsamendurik erabili.

Ahal den errazena egin arren, badugu zaila egin dugun beldurra.

Eta ez da harritzeko.

Edozein irakaslek badaki ongi.

Alde batetik, hiztegia landu gabe egotearen zailtasuna, eta bestetik, zenbait hitzen kasuan, oinharritu gabe izatea.

Gainera, gauza bat da hiztegi arrunta, eta bestea, berriz, hiztegi zientifikoa.

Hori horrela, esan dezagun, euskara batuak xokokeriak bazterreratzera garamatzela hein batetan, eta bederen, eskola gaietan.

Hona zailtasunak nondik datozkigun.

Alabaina, besoak gurutzaturik eta eguzkiari begira ez dugu zailtasunik gaindikatuko.

Beharko dugu denok, bakoitzak bere sailean eta posibilitateen arabera ahaleginak egitea; gure hizkuntza hau kultur eta teknikaren munduan sarreraziaz behar den moduan zailuki eta bizkorki lantzea.

Eta jakina, pedagogiaren eremuan ari garenok, badugu ezin gehiagoko eginkizuna bizkarraren gain, baldin-eta ikasle-irakasleok elkar argituko badugu behintzat.

Eman dezagun, egin dena gauza eskasa dela.

Bai, hainbat husgune badituela ezin uka, baina egun oroko lanean aberasgarri zaiguna bildu eta xuxenduaz, moldatu eta eraberrituaz, argitara eman eta hedatuaz, kondizio horien baitan datza dena, aurrera egingo dugu.

Ibiliaren ibiliz, bistan da, ikasiko dugu ibiltzen.

Lagunduko ahal du urrats berri bat, edo-eta bederen erdi bat, eman dezagun.